martes, 19 de febrero de 2013

Zu eta biok, biok bat

Nire atzamarrak zure azalarekin jolasten dira. Zure forma txikiak ukitzen, zure zoko guztiak ezagutzen, zure berotasuna sentitzen, zure lur usaina igartzen. Zure arima bohemiar eta arlote izpirituaren gatibua naiz. Zure itzaletan babesa aurkitzen dut. Bai betiko, zure ondoan egon nahi dut. Bai. Ez, ez da munduan egon nahi dudan beste lekurik. 
Zurekin. Beti zurekin, gora eta behera. Zu ikusi eta gero nire bihotz taupadak azkartzen dira. Batzuetan, bihotza bularretik kanpo irtengo dela ematen du. Zenbaitetan arnasa hartu ezinik, hala ere, bizitza ematen didazu. Nire egunerokotasuna bideratzen duzu. Nire bizitzaren bidaia zuzentzen duzu, beti gora eta gora, zalantzarik gabe, konplexu barik, ni neu sentitzen. Oro har, bidaia bakartia, isila, baketsua da, alabaina, zaratatsua eta jendetsua ere izan daiteke.
Zure azalari itsatsita. Esnatu bezain pronto zutaz akordatzen naiz eta gauean lo egitean nire azken pentsamendua zuri eskainia. Nahiz eta batzuetan umore txarra ere jartzen didazun, zure indar etenezin hori izatearren.
Eta beti zure azaletik gora eta behera, usaintzen eta laztantzen. Noizbehinka gogor eta gogoz heltzen zaitut. Urrats bakoitzak zuregana bultzatzen nau. Agian zu gure munduko ez zarelakoan eta horrek beldurra ematen dit, agian ametsa baino ez zara. Ez, hori ez da posible, nire gorputzak zure markak baitu eta hoiek ez dira gezurrezkoak.
Zure azaletik gora eta behera. Eguzkiak eragiten dizun kolore aldaketa ikusten, odolaren gorriaz, hotzaren grisaz, zoriotasunaren laranjaz, berotasunaren beilegiaz. Bat baino ez zara, baina zure mila izaeretan murgiltzen naiz eta burua galtzen dut, guztiz liluratuta. Inork ez nau ulertzen, inork ez du ulertzen gure artean daukaguna. Baina ni zurekin guztiz mozkortuta nago, eta ziur nago zu eta biok, biok gara bat. 
Gaur ere zuregana jo dut. Han aurkitu zaitut, sendo, tinko, epel, gorriz jantzita. Urrunetik zure usain gozoa nabaritu dut eta horrek zu ukitzeko gogoa piztu dit. Esan eta egin, gora eta gora zure azalak nire azala urratzen sentitu dut. Arnasotsa ateratzen baina nekaezinik, zu sentitzea zen nik nahi nuena. Klimaxera ailegatzean sentimentuen eztanda izugarria izan da.
Handik goitik ikusi dut paradisoa. Eta behin behera heltzean mutila eta semea besarkatu ditut. Han zeuden biak nire eskaladari jarraitzen eta nire garaipenak ospatzen. Arnesa kanpora, espresak kanpora, nire harkaitz maitemina amaitu da oraingoz, baina bakarrik oraingoz. Beste amorante bat aurkituko dut eta bere haitz besoetan jausiko naiz. 
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario